Abstract
Sarrera. Urdaileko minbizi gastriko garatuaren pronostikoan gastrektomiak duen eragina balioztatzea du helburu lan honek. Izan ere, minbizi gastriko metastasikoak pronostiko txarra du, eta ez da modu bateratuan maneiatzen. Nahiz eta gero eta ebidentzia handiagoa dagoen gaixotasun honetan kimioterapiak biziraupena luzatzen duela, ez dago argi tumore primarioaren erauzketak pronostikoan onurarik ekar dezakeen. Bestalde, gainerako tratamendu aringarriek bizitza luzatzen duten heinean eraginkortasuna galtzen dutenez, gastrektomia bera, neurri aringarri egokia izan daitekeen zalantza dago, biziraupena luzatzeaz gain, bizi-kalitatea ere hobe bailiezaieke ondo aukeratutako pazienteei. Metodologia. Gurutzetako Ospitaleko Euskadiko tumoreen erregistrotik 2005-2014 urteetan urdaileko minbizia estadio metastasikoan diagnostikatutako pazienteen datuak jaso dira (N = 348). Aldi berean, Gurutzetako Ospitalean, Kirurgia Orokorreko zerbitzuan betetako datu-base prospektiboa erabili da, bertan operatutako gaixo horien datuak lortzeko. 1:1 parekatzeko analisia erabili da gastrektomia jasan duten pazienteen eta gastrektomiarik ez dutenen arteko ezaugarri kliniko orekatuak bermatzeko. Biziraupena aztertzeko datuak Kaplan-Meier eta Cox arrisku proportzionalen eredua erabiliz aztertu dira. Aldagai anitzeko Cox analisia erabili da nomograman pronostiko-aldagai iragarleak hautatzeko. Emaitzak. Gastrektomizatuetan biziraupen-mediana ez-gastrektomizatuekin konparatuta 8 hilabete gehiagokoa izan da. Biziraupen-portzentajeak 6 hilabete, 1 eta 2 urterako % 35,7, % 16,3, % 7,4 (ez-gastrektomizatuetan), eta % 76,9, % 47,7, % 21,5 (gastrektomizatuetan) izan dira hurrenez hurren. Aldagai anitzeko analisietan, gastrektomia biziraupen global hobearekin erlazionatu da (HR= 0,17, CI95%= 0,11-0,29, p<0,001). Ondorioak. Ikerketa honetan, ondo hautatutako pazienteetan, gastrektomiak minbizi gastriko hedatuaren biziraupena hobetzen duela ikusi da. Hala ere, emaitzak serie handiagoetan bermatu eta ausazko ikerketa prospektiboetan frogatu beharko lirateke ondorio sendoagoak lortzeko.
Published Version
Talk to us
Join us for a 30 min session where you can share your feedback and ask us any queries you have